XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. SARRERA.

Milioika urte askotan zehar bizia ingurune urtarrera mugaturik egon da.

Ingurune honetan bizidunak luzaro bizi izan direnez gero, espezieen barietatea handia da.

Denboran zehar eta eboluzioaren ondorioz bizidun itsastarren talderik gehienek beste ingurune batzu kolonizatu dituzte.

Lehendabizi ur gezak eta geroago ingurune lehortarra.

Beste talde batzu, Ekinodermatuak esaterako, ingurune itsastarrera mugatu dira, talde honetako guztiak itsastarrak direlarik.

Logikaz, ingurune berrien lehenengo kolonizatzaileak landareek izan beharko zuten, zeren beste guztiek beren menpean bait daude.

Ingurune urtarraren abantailak hain handiak dira, ezen espezie batzu ingurune lehortarrera moldatu izan ondoren, uretara itzuli bait dira.

Honek moldaera berriak ekarri dizkie.

Baleak eta dortoka batzu honen adibideak dira.

Bizidunen inguruneak berauen itxura eta funtzioak baldintzatzen ditu.

Moldaerei dagokienez, ingurune lehortar eta ingurune urtarraren artean, ezberdintasunik handienak agertzen dituzten alde fisiologikoak honako hauek dira: arnasketa, lokomozioa eta ugalketa.

Arnasketa.

Animalia urtar txikiengan, oxigenoaren lorpena eta anhidrido karbonikoaren askapena larruazalean zehar burutzen da.

Tamaina handiko animaliengan, zelula guztien oxigenazioa, zelula asko direnez gero, ezin daiteke honela egin eta, beraz, gasen hartuztea egin dezan arnas aparatu bat behar dute: zakatzak.

Arrainen zakatzak oso odoleztaturik dauden harizpi askoz osoturikoak dira eta ahoaren atzean, barrunbe batean, kokatzen dira.

Barrunbe hau eztarriaren barruarekin nahiz gorputzaren kanpokaldearekin komunikaturik dago.

Arrainek ura hartuz arnasten dute: ura zakatzetara eramaten dute eta bertan odolak, hemoglobina izeneko pigmentu gorria dela medio, uretan disolbaturik dagoen oxigenoa hartzen du,COsub2-a uretan askatuz.

Odola oxigenoz aberastuz gero, gorputz osoan zehar garraiatu eta zelula guztietara eramaten da.

uraren eta elikagaien sarrera / gibela / bihotza / ahoa zabalik / uraren irteera / zakatzak / liseri-aparatua / eskema: ura eta bere mantenugaien zirkulazioa arrain batengan.